Zure etorkizunari buruz zalantzak dauzkazu?
Lanbide Orientaziorako eta Informaziorako Zerbitzuak honako helburuak edukiko ditu:
- Orientazio akademiko-profesionala ematea.
- Lan munduari buruzko orientazioa.
- Orientazioa nahi duten ikasleei banakako arreta eskaintzea.
Aurrez aurreko arretarako HITZORDUA eskatu:
- 943 798019
- orientazioa@meka.eus
Lanbide Heziketa
MEKA Lanbide Eskolan ikasleen gaitasun profesionalak garatzera bideratutako prestakuntza ibilbide praktikoa eta malgua eskaintzen da, lan mundura sartzea edo ikasketekin jarraitzea errazten duena.
Ikaskuntza teorikoa eta praktikoa uztartuz, sektore desberdinetako lanbideetan aritzeko beharrezko ezagutzak eta trebetasunak eskaintzen ditugu, enpresen behar errealetara egokituz. Gainera, dualtasun ereduei eta inguruko enpresekin dauzkagun lankidetzei esker, ikasleek zuzeneko esperientzia erreala lortzen dute, honek beraien enplegagarritasuna handitzen duelarik.
MEKA Lanbide Eskolako hezkuntza eskaintza aukera erreal eta eraginkor bat bilakatzen da pertsonen garapen pertsonal zein profesionalerako, eta gizartearen eta ekonomiaren garapenean funtsezko tresna bilakatzen da.
Lanbide Heziketako Ziurtagiri Profesionalak (C graduak)
Lanbide Heziketako C graduak espezializazio mailako prestakuntza programak dira, jada oinarrizko edo erdi/goi mailako ziklo bat egin duten ikasleei beren profil profesionala sakontzeko eta eguneratzeko aukera eskaintzen dietenak.
Helburua sektore zehatz bateko ezagutza aurreratuak eta espezializatuak eskuratzea da, batez ere garapen teknologiko azkarra duten arloetan, enpresen premia berriei erantzunez. Horrela, C graduek lan merkatuan lehiakortasuna handitzen dute eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatzen dute, berrikuntzara eta espezializaziora bideratutako ibilbideak eskainiz.
Unibertsitatea
Lanbide Heziketako Goi Mailako ziklo bat gauzaturik Unibertsitaterako ibilbidea ireki dezakezu.
Unibertsitatea goi mailako hezkuntza aukera bat da, ikasleei ezagutza teoriko eta zientifiko sakona eskaintzen diena, hainbat jakintza arlotan espezializatzeko eta etorkizun profesionalean ibilbide zabalak garatzeko. Graduko ikasketen bidez, eta ondorengo master eta doktoretza programen bitartez, ikasleek analisi, ikerketa eta pentsamendu kritikorako gaitasunak garatzen dituzte.
Unibertsitatearen helburua lan merkatuan sartzea baino haratago doa. Ezagutza sortzea, berrikuntza sustatzea eta gizartearen garapenean modu aktiboan parte hartzeko prestakuntza integrala eskaintzea da. Horrela, unibertsitatea aukera egokia da espezializazio akademikoa eta ikerketa nahi dutenentzat, baita lanbide jakin batzuetarako (medikuntza, ingeniaritza, irakaskuntza, eta abar) prestatzeko ere.
Laneratzea
Laneratzea ikasleen prestakuntza amaitu ondoren lan munduan txertatzeko prozesua da, hezkuntzan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak praktikan jartzea ahalbidetzen duena. Ikasleek enplegu egonkor eta egokietara iristea dugu helburu gisa, beren profil profesionalari erantzuten dioten aukerak aurkituz. Horretarako, orientazio zerbitzuek, enpresekin dauzkagun harremanek eta prestakuntza praktikoek (dual orokorra, intentsiboa, etab.) funtsezko papera dute.
MEKA Lanbide Eskolan laneratzea ez dugu lehen enplegua lortzea soilik bezala ulertzen, baizik eta ibilbide profesionala eraikitzea, garapen pertsonala eta etengabeko ikaskuntza sustatuz, lan munduko aldaketetara egokitzeko gaitasuna indartzen duen prozesu bat bezala.
