Skip to content Skip to footer

Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurren urteari itxiera eman zaio

Gaur goizean, Lanbide Heziketaren 125. urteurrenaren itxiera ekitaldia egin da Elgoibarren.

Bertan izan dira Jon Labaka LHko sailburuordea, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea, Jose Mari Beristain MEKAko zuzendaria, Alaitz Bastida IMHko zuzendaria eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako, enpresetako eta enpresa-elkarteetako ordezkariak.

1899ko irailaren 18an jaso zen lehen marrazketa akademia sortzeko akta. Data bera aprobetxatuz, 2024ko irailaren 18an urteurren ospakizunekin hasi ginen, eta gaur, irailak 18, itxiera eman diogu. Urte osoan zehar hainbat jarduera antolatu dira: filatelia erakusketa, BIEMH Fabrikazio Aurreratuko Nazioarteko Azokaren aitortza, jaietako txupinazoa, lanbide heziketaren jatorrizko historiari buruzko kafe-solasaldia, Don Boskoren eguna, Meka eta IMHko ikasle eta enpresa ohiei irekitako ateak, etorkizuneko estrategiari buruzko work-kafea, UIK-EHU udako ikastaroa, lehendakariaren bisita MEKA Albitzurira 2025/26 ikasturteari hasiera emateko eta 125. urteurrena oroitzeko plaka jartzen parte hartzeko.

Goizean, bi ikastetxeetako zuzendariek haritz bat eta pago bat landatu dituzte, eta oroimenezko plaka jarri dute ikastetxeen kanpoaldean. Ondoren, Herriko Antzokiko ekitaldia zuzendari laguntzaile goi maila zikloko ikasleek gidatu dute. Bertan, 125. urteurrena ospatzeko bideoa aurkeztu da, eta haritz eta pago adarrak banatu dira oroigarri gisa, Elgoibarko LHko hezkuntza komunitatearen historian parte hartu duten hainbat pertsonari. 

Urteurrenari amaiera eman aurretik, eskerrak eman nahi dizkiegu ospakizunetan lagundu diguten erakundeei: Elgoibarko Udalari, enpresei (DanobatGroup, BESA, Geminis Lathes, Berkoa, Mancisidor, Ger, AVS, Nordplastic, Telleria, Laboral Kutxa, laguntzaileak), Makina Erremintaren Museoari eta makinaren historiaren zaleei, eta, azkenik, Elgoibarko lanbide heziketa osatzen duten pertsona, ikastetxe, enpresa eta erakunde guztiei.

Jarrai dezagun Lanbide Heziketaren aitzindari izaten!